"Real book Vol.1" ikuskizuna larunbatean
Kultura Batzordeak antolatutako "Udaberri Kulturala" zikloaren barruan, "Real Book" ikuskizuna taularatuko dute larunbat honetan, Herri Antzokian, Iñaki Salvador (Pianoa) eta Loyola Garmendiak (Ahotsa).
Bi lagunek, Iñaki Salvador piano joleak eta Loyola Garmendia abeslariak bere jatorrian ilegala zen partituren liburu batekin topo egingo dute, Real Book-arekin alegia.
Zalantzazko erruleta errusiar ausartean jolasean hasiko dira, liburu zaharkitua edozein orrialdetan ireki eta agertutako partitura abesten, jotzen eta interpretatzen airoso irteten saiatuz.
Abentura ero eta dibertigarri honetan jazz-aren, soul-aren, zinemaren, Broadway-eko musikalaren eta brasildar kutsuko klasikoen kantuak interpretatuko dituzte eta beren interpretazio baliabideak frogatuko dituzte elkarrizketa burutsu eta bizkorrekin.
Ikuskizunerako sarrerak "Iratxo"-n eros daitezke aurrez, 5 euroan, eta lehiatilan ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago.