Badatoz Santiago eta Santa Ana jaiak

Badatoz Santiago eta Santa Ana jaiak

2024/07/11
Gaurtik aurrera banatuko dute aurtengo Santiago eta Santa Ana jaietako egitaraua etxez etxe; uztailaren 24an hasi eta 27an amaituko dira jaiak, herritar ororentzako ekimen parte-hartzailez betetako lau egun.

Badatoz aurtengo Santiago eta Santa Ana jaiak, soraluzetarrontzako egun garrantzitsuak, ilusioz eta harrotasunez bizi ditugunak. Kainoikadarekin emango zaio hasiera jaiari eta pregoia botako dute ondoren Tanborradako Batzordeko kideek, buru-belarri herri ekimen erraldoia antolatzen diharduen taldeak, hain zuzen ere.

Dagoeneko hasi dira jaietako egitaraua etxez etxe banatzen, urteroko moduan. Aurten, baina, bideo bidezko proposamen berritzaile baten bidez ere jasoko dute herritarrek programazioaren berri; datorren astean izango da hori.

Programa formatu digitalean ikusi nahi izanez gero, jo ondorengo loturara: Soraluzeko jaiak 2024

Herritarren parte-hartzea protagonista

Herritar orok gozatzeko jaiak izatea dute helburu aurtengo Soraluzeko jaiek; horregatik, adina dena dela, herritar guztiak bilduko dituen ekintza ugari antolatu dituzte herriko eragileek zein udalak. 

Adin guztietarako antolatutako ekintzen artean daude Kantujira Plaentxia Kantuan taldearen eskutik, Toka eta Igel txapelketa Galtzagorriek antolatuta, jaien aurretiko beroketarako zunba saioa, azeituna hezur jaurtiketa txapelketa, Larrain dantza herrikoia Euskal Jai Batzordeak antolatuta, Puzzlekaxa trebetasun jolasak, zezen suzkoa eta erraldoi, kiliki eta buruarinen kalejirak. Haur, gazte zein heldu, edonork parte hartu dezake aipatutako ekintza guzti horietan eta horretara animatzen ditu udalak herritarrak.

Horietaz gain, kultur aniztasunak ere izango du lekua jaietan Soraluzeko arrozak ekimenari esker. Baita herritar ugari biltzen dituen bakailao lehiaketa eta mus-tute txapelketa ere. Gainera, Ikas Bidairako dirua batzen diharduten gaztetxoen eskutik bingoa eta haurren txokoaz ere gozatu ahal izango da, herriz bazkariaren ostean. Amaitzeko, haur eta gaztetxoentzako bereziki, krosa ere izango da zapatu goizean.

Aurrez izena eman beharreko ekintzak

Jaietarako antolatutako zenbait ekintzatan parte hartzeko aurrez izena eman behar izango da. Horietako hainbat ezagunak dira dagoeneko, beste batzuk, ostera, berriak izango dira. Hauexek dira ekintzok:

  • Gaztetxoentzako tortila lehiaketa:

Noiz: uztailak 24, eguaztena

Norentzat: LH5 eta DBH4 bitarteko gaztetxoentzat

Izen-ematea: udaletxean, plazak amaitu arte

Oharra: LH5, LH6 eta DBH1eko gaztetxoak heldu batek lagunduta parte hartu ahal izango dute

  • Herri bazkaria:

Noiz: uztailak 25, eguena

Txartelak: Iratxo goxoki-dendan salgai, 15 eta 10 euroren truke

  • Herri mailako bakailao lehiaketa:

Noiz: uztailak 26, barixakua

Norentzat: herritar ororentzat

Izen-ematea: udaletxean, plazak agortu arte

  • Soraluzeko arrozak:  

Noiz: uztailak 27, zapatua

Norentzat: herritar ororentzat

Izen-ematea: uztailaren 18ra arte, 601602347 (Arianne) edo 603678226 (Uxue) telefonoetara deituta

  • Gaztetxoentzako herri kirol lehiaketa:

Noiz: uztailak 27, zapatua

Norentzat: LH4 eta DBH4 bitarteko gaztetxoentzat

Izen-ematea: udaletxean, uztailaren 24ra arte

  • Haurrentzako buruarin tailerra:

Noiz: uztailak 27, zapatua

Norentzat: HH4 eta LH2 bitarteko haurrentzat

Izen-ematea: udaletxean, uztailaren 23ra arte

Oharra: haurrek heldu batek lagunduta joan beharko dute