Abian da Soraluze Bizi 2022-2030 Egitasmo Plan berria
Iker Aldazabal alkatea eta Veronica Galarraga zinegotzia, Soraluze Biziren aurkezpenean.

Abian da Soraluze Bizi 2022-2030 Egitasmo Plan berria

2022/07/07
Soraluzeko Udalak Soraluze Bizi 2022-2030 egitasmo plan berria abian jarri du. Soraluze bizitzeko herri aparta dela gogorarazi eta herriak dituen altxorrak balorean jarri nahi ditu irudi berriak.

Sora Luze Bizi 2030, herriaren izenarekin hitz jokoa eginez, etorkizunez betetako luze biziko den herria irudikatu eta epe motzeko zein luzeko proiektu nagusiak batu ditu ekimen plan berriak. Oso berea den irudia azaltzen da marka berrian, azken aldian indarra hartzen ari dena eta bolo-bolo dabilen ezaugarria: dolmenak eta menhirra. Hala, irudian harriz osatutako monumentu megalitikoak zuriz dauden bitartean berde kolorea da nagusi, aisialdirako ekimen osasuntsuak bultzatzea helburu. Dolmenak ezagutzera joaten direnek naturarekin bat egin eta ingurune aparta ezagutzeko aukera baitute.

Herritarrak herriaz harro sentiaraztea nahi du Soraluzeko Udalak. Bizia den eta bizitza egiteko egokia den herria baita Soraluze.

 

 

Soraluzek duen aniztasuna ere irudikatzen du irudi berriak. Modu honetara, dolmen ezberdinak azaltzen dira irudian; Soraluze herri anitza dela erakutsiz. Era berean, Soraluze Bizi 2022-2030 esaldia menhirraren barruan dago sartua, herriak eta herritarren aniztasunak bertan bat egiten dutela eta guztiak soraluzetarrak direla irudikatuz.

Baina Soraluze Bizi 2030 ez da irudi soila izango. Marka honek ekimen plan berri bat barne hartzen du eta ondoko bost ildo nagusi ditu: berrurbanizatu, irisgarritasuna bermatu eta zerbitzuak egokitu; enplegua bultzatu; kulturari eta aisialdi aukerei bultzada; herri garbia eta segurua eta energia berriztagarriak eta ingurumenaren babesa helburu. Ildo bakoitzak Udalak bultzatuko dituen proiektu nagusiak jasotzen ditu. Etorkizunera begira erronka berriei eutsiz.