"Azken hostoa" ipuin-kontaketa musikatua datorren martitzenean
Parrandan Ludotekak eta Udal Liburutegiak elkarlanean, Gabon garaian kokatutako ipuin-kontaketa musikatua antolatu dute etxeko txikienentzat eta familientzat datorren martitzenerako, abenduaren 17a, arratsaldeko 16:45ean Tolarekua aretoan.
Mitologia kantuz eta kontuz
Azken hostoa ipuin-kontaketa musikatuak Laiak, Manexek eta haien amonak azken hosto magikoa topatzeko egiten duten bidaia kontatzen du. Bertan, euskal mitologiako pertsonaiak aurkituko dituzte parez pare eta hauek, beraien istorio harrigarriak kontatuko dizkiete. Pertsonaia guztiek emango dizkiete azken hostoa aurkitzeko pistak, nahiz eta azkenean laguntzarik haundiena Olentzerorekin batera lortuko duten.
Maider Alcelay kontalariak eta Igor Sala musikariak onduko dute 2 eta 12 urte arteko haurrentzako eta familientzako kontaketa musikatu saioa.
Gonbidapenak online edo liburutegian
Ipuin-kontaketa saioak irauten duen bitartean Ludotekan egoten den taldeak, HH 4-5 B taldeak, hain zuzen ere, ez du gonbidapenik eskuratu beharko; hezitzaileekin joango dira emankizunera. Gainerako pertsonek, haur zein heldu, gonbidapena eskuratu beharko dute.
Doako ekintza izango da, baina, plazak mugatuak direnez, gonbidapena eskuratu beharko da. Horretarako bi bide daude:
- Online, bibe.me atarian: "Azken hostoa"
- Aurrez aurre, udal liburutegian astelehentik barixakura 11:00 - 13:00 eta 16:30 - 19:30 (*barixaku arratsaldetan 16:00 - 18:00)
Udal liburutegia itxita egongo da eta haren zerbitzuak etenda saioak irauten duen bitartean. Liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekako atearen ondoan dagoen buzoia erabili daiteke; bestelako zerbitzurik, ordea, ez da emango.