Martxan da Eskola Kirola kudeatzeko lan-mahaia
Iker Aldazabal alkatea Aitor Santiago Atxolin guraso elkarteko ordezkariarekin eta Amaia Osoro, Plaentxi Herri Ikastetxeko zuzendariarekin, atzo.

Martxan da Eskola Kirola kudeatzeko lan-mahaia

2022/10/11
Eskola Kirola kudeatu eta artatzeko egiturak sortzeko hitzarmena sinatu zuten atzo Soraluzeko Udalak, Plaentxi Herri Ikastetxeak eta Atxolin Guraso Elkarteak.

Atzo udaletxean bertan egindako ekitaldian, Eskola Kirolaren kudeaketarako egiturak sortzeko hitzarmena sinatu zuten Soraluzeko Udalak, herriko ikastetxeak eta Atxolin Guraso Elkarteak. "Elkarlana ezinbestekoa da Eskola Kirolari bultzada emateko eta horretarako akordioa lortzeko apustua egin dugu", azaldu du Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak. 

Indarrean dagoen arautegiaren arabera, udal administrazioei Foru Aldundiek egin eta onartutako eskola kirolari buruzko programetan modu koordinatuan parte hartzea dagokie. Ikastetxeak izango dira kirolean parte hartzeko ibilbidearen barruko jardueretan parte hartzeko lehentasunezko esparrua, eta haiek arduratuko dira prestakuntza, antolakuntza eta administrazio alderdiez.  Herri administrazioek, aldiz, ikastetxeen eta kirol klub eta elkarteen arteko elkarlana sustatu beharko dute, jardueren prestakuntza-izaera segurtatzeari begira.

 

Lan-mahaia

Hori horrela, Soraluzeko Udalak eta PHI Ikastetxeak eskola kirolaren kudeaketarako herriko lan-mahaia eratu dute, herriko ikastetxeetako guraso elkarte eta kirol elkarteekin batera. Eskola kiroleko programa modu koordinatu batean garatzea izango du lan-mahai horrek zeregin moduan.

Plaentxi L.H.I.-ren eginbeharrak:

- Bere gain hartzen du eskola kirola aurrera eramateko behar den egitura jartzeko konpromisoa.

Udalaren eginbeharrak:

- Eskola kiroleko jarduerak kudeatzeko, herriko ikastetxeek, kirol elkarteek, guraso elkarteek eta Udalak berak osatutako egitura eratu eta aurrera ateratzeko konpromisua hartzen du, horretarako behar diren baliabideak jarriz.