Soraluzeko Udalak, Debegesak eta Institutuko ikasleek bat egin dute 2030 Agenda bultzatzeko

Soraluzeko Udalak, Debegesak eta Institutuko ikasleek bat egin dute 2030 Agenda bultzatzeko

2024/05/22
Soraluzeko Udalak, Debegesak eta Institutuko ikasleek bat egin dute 2030 Agenda bultzatzeko; aurten, herriko argiteria publikoa eta argiztapen maila izan dituzte ikergai.

Udaletxeekin elkarlanean, 20 urte inguru daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 2030 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza  eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 20 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 2030 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei. Aurten ere Energia eskuragarria eta ez-kutsagarriaren gaia landu dute. 

Aurreko ikasturtean udalerriko energia diagnosia egin zuten, eta hainbat proposamen egin zizkieten udal ordezkariei, energia kontsumoa murrizteko helburua zutela ardatz. Aurten, aldiz, proposamen baten inguruan jardun dira buru belarri ikasleak, zehazki, herriko argiteria publikoa ikertu eta argiztapen maila mapa batean irudikatu dute. 

Soraluzeko ekimena

Soraluzeko Udalak eta Debegesak, Institutuko ikasleekin lankidetzan, 2030 Agendaren inguruan kontzientziatzeko hezkuntza-ekimen bat antolatu du. 

Ekimenaren baitan, Institutuko ikasleek herriguneko argiteria publikoa ikertu dute. Horretarako, hainbat ezaugarri aintzat hartu dituzte; hala nola, kokapena, argitasun sentsazioa, argiteriaren norantza, argiztapen maila, argien kolorea, bonbila motak, pizteko orduak, eta farolen arteko distantzia. Lortutako emaitzak mapa batean irudikatu dituzte, eta hala, herriguneko puntu ahulak identifikatu dituzte. 

Material horiek maiatzaren 24ean goizeko 10:30etan Soraluzeko Udalean egingo den Pleno Txikian erakutsiko dira. Ekitaldi honetan, ikasleek beren lana  tokiko agintariei aurkeztu eta haiekin mezuak partekatzeko aukera izango dute.

Udalak ekimen hau aintzat hartu eta babesten du, eta garapen iraunkorraren aldeko kontzientziazio eta ekintzarako urrats garrantzitsua dela nabarmentzen du.