Soraluzen Denon Kaleak prozesuaren proposamenen lanketa-saioa ekainaren 10ean

Soraluzen Denon Kaleak prozesuaren proposamenen lanketa-saioa ekainaren 10ean

2024/06/05
Soraluzen Denon Kaleak prozesu partehartzailearen proposamenen lanketa-saio irekia datorren astean egingo da, espazio publikoen berrantolaketa genero-ikuspegitik xede.

Soraluzen garapen urbanistiko garrantzitsuak aurreikusten direnez, udalak udalerriko espazio publikoen sarearen eta espazioaren antolaketaren diagnostiko partehartzailea egin du, ondorengo berrantolaketa bi giltzarri kontuan izanik egiteko: espazio publikoa topaketarako baliabide gisa ulertzea batetik, eta genero-ikuspegia txertatzea bestetik, eraldaketek herritar guztien behar eta desioak kontuan har ditzaten.

Martxoan zehar diagnostiko fasea

Martxoaren 12an jarri zen abian prozesu partehartzailea aurkezpen eta formakuntza saio batekin, non 20 herritarrek hartu zuen parte. Jarraian, martxoaren 19an, herritarren foroa bildu zen diagnostiko partekatua eta proposamenak lantzeko; 25 herritarrek parte hartu zuten bigarren saioan.  Gainera, 28 galdetegi ere bildu dira udaberrian zehar saioetan parte hartzerik izan ez, baina haien iritzia helarazi nahi izan dutenen soraluzetarren partetik.

Saio irekiez gain herriko hainbat kolektiborekin lanketa berezia ere egin da prozesuan zehar; hala nola, haur eta nerabeen kontseiluekin, eskolan eta instititutuan, Emakumeak, talentuak eta aukerak proiektuan parte hartzen duten emakumeekin, Goazen Soraluze ekimenean parte hartzen duten erretiratuekin zein udaletxeko teknikariekin. 

Guztira 203 haur eta nerabek (104 neska, 94 mutil eta 5 ez-bitar) eta 63 helduk (48 emakume eta 15 gizon) parte hartu dute diagnostiko fasean. Herritar guzti horien ahotsak bildu dituzte prozesua zuzentzen ari diren PROIEKTA URBESeko kideek. 

Diagnostiko horrekin ondorengoak zein neurritan betetzen diren jakitea izan da helburua: dotazio eta espazioen banaketa geografikoaren oreka; espazioen banaketa azaleraren, erabileraren edo hierarkiaren arabera; espazioen arteko loturak, trafikoaren eragina eta zaintzaren mugikortasun-sarearekin harremana; eguneroko bizimodurako, autonomiarako edo mendekotasunaren zaintzarako ekipamendua eta egokitasun maila.

Hurrengo saioan proposamenen lanketa

Prozesuko hurrengo hitzordua datorren astelehenean, ekainak 10, egingo da eta soraluzetar orori irekia egongo da, aurrez prozesuan parte hartu dutenei zein parte hartu ez dutenei. Edozein auzotan bizi den herritarrari, bertako kaleetan aritzen denari, adina, jatorria eta bizi baldintzak edozein direlarik ere. Emakume zein gizon, ume, nerabe zein heldu, guztiak izango dira ongietorriak eta guztien ekarpenek izagno dute lekua. 

Proposamenen lanketa egingo da, herritarrak mahai edo taldetan banatuko dira eta gustuko esparruak landuko dituzte, konfiantza giroan. Azkenik, landutako gaiak elkarbanatuko dira.

Eguna: ekainak 10, astelehena

Ordua: 18:30etatik 20:00etara

Lekua: Herri Antzokia

Saioan parte hartzeko aurrez izena ematea komeni da, ondorengo formularioa beteta: izen-ematea.

Zaintza-zerbitzua behar izanez gero idatzi harrera@soraluze.eus helbidera edo deitu 943 75 30 43 telefono zenbakira.