Familientzako ekimena antolatu dute azaroaren 17rako Atxolinek, Oreka Artek eta udalak, elkarlanean
Arteak gizartean jokatzen duen paper garrantzitsua aintzat hartu eta aisialdirako bide hezigarria dela sinetsita, elkarlanean antolatu dute Atxolin guraso elkarteak, Oreka Art Galeriak eta Soraluzeko udalak familientzako ekimena.
Diziplina artistikoak orohar eta arte plastikoak zehazki, etxeko txikienei eta familiei gerturatzea eta herrian kokatuta dagoen arte galeria herritarrei are gehiago hurbiltzea dira ekimenaren helburuak. Horretaz gain, ikasturte hasieratik martxan dagoen arte sortzailearen tailerrari hauspoa emateko ere aprobetxatu nahi da familia giroan egiteko ekimen hau.
Ekimen familiarra, arte plastikoak ardatz
Azaroaren 17ko hitzorduak bi atal izango ditu:
- Alde batetik, Oreka Art galeriara bisita laburra egingo dute parte-hartzaileek; Usoa Zumeta sortzaileak berak aurkeztuko die haur eta familiei "Oi! Bihotz" erakusketa.
- Bestalde, Maddi Astigarraga arte sortzaileko tailerreko irakasleak familia osoarentzako arte tailerra gidatuko du Sapako aterpean.
Adinaren arabera banatutako bi talde egongo dira:
- HH 3-4-5: 11:00tatik 12:15etara
- LH 1-6: 11:30tatik 13:00tara
Izen-ematea
Doako ekintza da, baina parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, plazak mugatuak baitira. Horretarako bi bide daude:
- Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.
- Online, galdetegia beteta: izen-ematea