Soraluzeko Udalak diru-laguntzak emango ditu ekintzailetza eta tokiko enpresen ondorengotza bultzatzeko
Soraluze.

Soraluzeko Udalak diru-laguntzak emango ditu ekintzailetza eta tokiko enpresen ondorengotza bultzatzeko

2022/10/07
Korporazioko hiru alderdiek indarrak batu dituzte oinarriak onartzeko.

Soraluzeko Udalak tokiko enpresak bultzatzeko hainbat laguntza onartu berri ditu. Asteleheneko Gobernu Batzordean hartu zen erabakia, eta honi esker, partida bat bideratzeko oinarriei argi berdea eman zaie. Aurretik, EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatutako gobernuak akordioa lortu zuen EH Bildurekin, helburu nagusi batekin: Soraluzeko enpresei ekintzailetzan edo ondorengotzan laguntzeko diru-laguntzak ematea, 2022ko aurrekontu-akordioaren barruan.

 

Helburua: negozio berriei laguntzea eta itxierak saihestea

Gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoa bezalako testuinguru batean, inoiz bizi izan ez dugun ziurgabetasun egoera honetan, Soraluzeko Udaleko hiru alderdi politikoek uste dute inoiz baino beharrezkoagoa dela orain negozio bat martxan jartzera abiatzen diren pertsonei laguntzea. Bestalde, ondorengotza-ildoari ere eutsi nahi diote, jarduera ekonomikorik itxi ez dadin. Horrela, Soraluzen sustatu eta enplegua sortzen duten enpresa-ekimenek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.

Diru-laguntza hauen helburua izango da merkataritza eta enpresa jarduerak indartzea eta martxan jartzea erraztea. Ildo horretan, bi diru-laguntza mota emango dira: batetik, enplegua sortzen duten jarduera ekonomiko berriei laguntzeko; eta, bestetik, enpresa-ekimen baten ondorengotzan edo erreleboan laguntzeko. Proiektu berrian, gutxienez zuzeneko lanpostu bat sortzea jaso beharko da, enplegu berria sortzeko.

 

3.000 euroko laguntzak

Diru-laguntza horien aurrekontua 12.000 eurokoa da, eta honela banatuko da: enpresetan merkataritza-eskualdaketak egiteko laguntzak, 3.000 euro; eta beste 3.000 euro, jarduera berriak abian jarri nahi dituzten partikularren kasuan.

Negozio berriek, besteak beste, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: lantokia Soraluzen kokatuta egon beharko da, baita enpresaren egoitza soziala eta fiskala ere; proiektuak barne hartu behar du lanaldi osoko edo partzialeko lanpostu bat sortzea 12 hilabetez, hauek proiektuaren sustatzaileak izan daitezkeelarik; Debegesako Garapen Ekonomikorako Sozietatearekin Bideragarritasun Plan bat egina izatea, edo horren onarpena izatea; negozio aukera deskribatzea, baita salmenta-aurreikuspenak asetzen dituen merkatuaren beharra ere, eta salmenten aurreikuspenak arrazoituta justifikatzea.

Bestetik, ondorengotza bidezko diru-laguntzen kasuan, honako baldintza hauek bete beharko dira, besteak beste: jarduera Soraluzen egotea; txanda 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean izatea, eta proiektuak urtebeteko epean lanpostu bat sortzea.

 

Eskabideak aurkezteko epeak

Interesdunek aurtengo abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabideak, eta modu elektronikoan egin beharko dira, lotura honetan alta emanda https://eidas.izenpe.com/trustedx-authserver/izenpe/flowSelector.xhtml edo eskaera udala@soraluze.eus helbide elektronikora bidalita.

Eskaera orria lortu HEMEN