
Usoa Zumetaren serigrafia bat eskuratu du Udalak eta Kalebarren 8ko atarian dago ikusgai
Duela aste batzuk artelan berri bat jarri da Kalebarren 8ko udal lokaleko atarian, herritarren ikusgai. Usoa Zumeta artista usurbildarraren serigrafia bat da, 112x200cm neurrikoa, haren aita Jose Luis Zumetaren lan batean oinarritutakoa; izan ere, serigrafia antzinako Txinan jatorria duen inprimazio sistema bat da. Ikusgai ipini den serigrafia hori bera da 2024an Udalak eskuratu duen artelanetako bat.
Zumetaren serigrafiarekin batera, Koldobika Jauregi artista entzutetsuaren obra bat ere eskuratu du udalak, Ocaso izeneko margolana, hain zuzen ere. Soraluzeko Oreka Art galerian erakusketa inaguratu berritan hil zen artista alkizarra, iazko ekainean.
Erositako artelanak Kalebarren 8ko udal lokalaren atarian egongo dira, herritarregandik gertu, behin betiko kokapena ezarriko zaien arte. Orain Zumetaren artelana dago ikusgai eta ondoren, Kolbikarena jarriko da.
Kultura sustatzea helburu
Udalak azpimarra berezia jarri nahi du gertuko kultur jarduera eta adierazpenak sustatu eta babesteak duen garrantzian. Hori horrela izanik, artelanak eskuratzean egindako inbertsioek kultur jardueren plangintzaren baitako helburu hauei erantzuten die:
- Artearen eta kulturaren aldeko sentsibilizazioa sustatzea.
- Artelanak eta kultur adierazpenak herritarrengana hurreratzea.
- Artista plastikoei dagokien esparrua aitortzea, inguruan ezagunak egiten.
- Artelanek hartzaileengan sorrarazten dituzten emozioak eta pentsamenduak bultzatzea.
- Herriko kultur ondarea handitzea eta zabaltzea, duen balio kualitatiboa azpimarratuz, herri identitatea eta kohesio soziala indartzeko.
- Herriko Oreka Art galeriari eta bertara datozen artistei bultzada ematea.
Aurten mural margoketak
2025. urtean ere kultur jarduera eta adierazpenak sustatzen eta kulturaren eta artearen alorrean lanean dihardutenei babesa ematen jarraituko du Soraluzeko Udalak. Helburu horrekin, besteak beste, mural margoketak egingo ditu hainbat artistekin herriko gune degradatuetan.