Badator aurtengo ikasturteko "Irakurketa erronka"

Badator aurtengo ikasturteko "Irakurketa erronka"

2024/10/31
Plaentxi eskolako irakurketa proiektuarekin bat eginez "Irakurketa erronka" antolatu du udal liburutegiak Lehen Hezkuntzako neska-mutilentzat.

Aurreko ikasturtean izandako arrakasta aintzat hartu, eta bigarrenez antolatu du udal liburutegiak "Irakurketa erronka" 6 eta 12 urte arteko haurrentzat. Ekimenaren helburuak dira ikasleak irakurketan trebatzea, ulermena eta adierazpena hobetzea eta irakurzaletasuna zein literatur-zaletasuna sustatzea.

Funtzionamendua

Azarotik apirilera bitarte, lau gairekin lotutako hainbat irakurgai proposatuko zaizkie haurrei. Gai bat proposatzen den aldiro, irakurgaiak liburutegian egongo dira ikusgai eta mailegua bertan egin beharko da, ohiko moduan. Irakurgaia itzultzean, haurrak zigilua jasoko du bere irakurketa erronkako fitxan.

Proposatutako gai bakoitzeko irakurgai bana osatzen duen haurrak saria jasoko du ikasturte amaieran.

Kontuan izateko oharrak:

  • Mailegua egin ahal izateko, liburutegiko txartela eraman behar da.
  • Haurrentzako ekintza da, beraz haurra bera etorri behar da liburutegira irakurgaia aukeratzera.

Udal liburutegiak Lehen Hezkuntzako umeak animatu nahi ditu Irakurketa erronkan parte hartzera eta liburuek eskaintzen duten unibertsoa esploratzera.