"Marrazki bizidunak" izango da aurtengo aratosteetako mozorro-egunerako gaia

"Marrazki bizidunak" izango da aurtengo aratosteetako mozorro-egunerako gaia

2025/01/15
"Marrazki bizidunak" izango da aurtengo aratosteetako mozorro-egunerako antolatzaileek aukeratu duten gaia; martxoaren 1an ospatuko da eta lehiaketaren oinarriak egokitu dira.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, mozorro-eguna antolatu du berriro ere Soraluzeko Udaleko Kultura Batzordeak aratoste-zapaturako, martxoaren 1erako, hain zuzen ere.

Aurtengorako aukeratutako gaia MARRAZKI BIZIDUNAK da.

Halaber, lehiaketa antolatu da proposatutako gaia oinarri moduan hartuta mozorrotzen diren norbanako zein taldeentzat.

Lehiaketaren oinarriak

Lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da martxoaren 1ean eguerdiko 13:00-15:00 bitartean herrigunean ibiltzea; epaimahaiak bere lana egin dezan eta aurrez aurre ikusi ditzan mozorroak nahiz interpretazioak.

Hainbat talde nahiz kuadrillak herrigunea nola girotu zuten aintzat hartuta, eta epaileek beraien lana behar bezala egin eta denak ikusteko aukera izan dezaten, honakoa erabaki da:

Ikuskizunak behar bezala baloratuak izan daitezen, gutxienez, hiru gune hauetako batetik igarotzea eta interpretazioa bertan egitea ezinbestekoa izango da:

  • Zubi Nagusia
  • Plaza Barrixa
  • Plaza Zaharra

Bestalde, ezinbestekoa izango da martxoaren 1ean eguerdiko 13:00etatik gaueko 21:00ak arte udaletxe azpian jarriko den photocallean argazkia atera eta 699868729 telefono zenbakira WhatsApp bidez bidaltzea.

Lehiaketan parte hartzeko, nahitanahiez, mozorroak bat etorri beharko du aurten proposatutako gaiarekin. Bakarka edo taldean parte hartu ahal izango da.

Sari-emate irizpideak

Epaimahaiak honako hauek hartuko ditu kontutan saria emateko orduan:

  • Interpretazioa: kalean zehar, mozorroari lotuta egindako jarduna, imitazioa eta antzerkia oinarri duena.
  • Eszenografia eta atrezzoa: norbanakoek jazten duten mozorroarekin batera erabilitako osagarriak eta eszenara ateratzeko baliabideen lanketa.
  • Originaltasuna: mozorroa aukeratzerako orduan, mozorroen eraikuntzan… erakutsitako originaltasuna.
  • Janzkera: mozorroak ezaugarritzeko aukeratutako materialak, eskuz egina izatea, etab.

Sariak

Epaimahaiaren sariak:

  1. sailkatua = 300€
  2. sailkatua = 200€
  3. sailkatua = 100€

Herritarren saria:

  • Bozkatuenari = 150€

Sari hauez gain, epaimahaiak hala erabakitzen badu, beste aipamen edo sari bereziren bat eman dezake.

Parte hartzeko deia

Iazko aratosteetako maila bikaina izan zela kontuan hartuz, eta aurtengoan ere bide beretik jardutera animatu nahi dituzte herritarrak Ana Maiztegi eta Maite Quintanilla Kultura Batzordeko kideek. Aurtengoan ere, sormenari eraginez MARRAZKI BIZIDUNAK gaia oinarri hartuta, soraluzetarrak prestaketa lanetan buru belarri has daitezen animatu nahi dituzte, eta adierazi dutenez "gure herriak bere identitatearen ardatz daukan umore eta kolorez bete ditzagun kaleak aurtengo aratosteetan ere haur, gazte zein helduok."