Giro ona eta herri-partaidetza nagusi Aratosteetan
Euskal Aratosteekin eman zitzaion hasiera barixakuan inauterietako ospakizunei. Herriko hainbat eragilek elkar hartuta lantzen dute Euskal Aratosteak herri proiektua azken urteotan, eta aurten ere halaxe izan da. Eguraldi iragarpena eskasaren ondorioz ospakizuna moldatu behar izan zen arren, eutsi egin zion eta kalejira txikia eta dantza-erakustaldia eskola inguruan egin ahal izan zuten ahal izan zuten proiektuko partaideek. Ondoren, festari kalean eman zitzaion jarraipena.
Zapatuan herria mozorroz jantzi eta kolorez bete zen Soraluzeko Olinpiadak gaiarekin lotuta; argi geratu zen soraluzetarrek umore ona eta irudimena sobera dutela. Aratosteetako ospakizunekin amaitzeko, atzo, martitzena, herriko haur eta gaztetxoek gurasoen laguntzaz prestatutako dantza bikainak eskaini zituzten kiroldegian egindako erakustaldian. Talentuz blai daude soraluzetarrak, ez dago dudarik.
Mozorro-lehiaketako saridunak
Zapatuko mozorro-lehiaketari dagokionez, sekulako maila erakutsi zuten herritarrek, epaileek ez zuten lan makala izan. 28 taldek eman zuten izena lehiaketan eta lau beharrean, ustekabean, bost sari banatu zituen epaimahaiak:
- Herritarren saria: AMG piraguistak
- Hainbat belaunaldiz osatutako mozorro-talde onenaren sari berezia: Gaizkañe eta pelotariak
- Hirugarren saria: Soraluzeko Golferuak
- Bigarren saria: Herri Kirolak Belarri Motzak
- Irabazlea: Sorakeriak 92
Udalak bihotzez eskertu nahi ditu soraluzetarrak egunok kolorez eta umorez zipriztindu izanagaitik, eta baita antolatzaile nahiz epaile lanetan aritu direnak ere, ederrak izan dira Aratosteak.