Sagarrerrekako putzura irteera
Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuaren baitan sortu zen Mendiak eta Ibaiak lan-taldeak proposatuta hainbat lan burutu ditu Udalak Sagarrerrekako putzua bainurako egokitzeko ahaleginean, aire libreko igerilekurik eta hondartzarik ezean, aipatutako putzua udaran bainurako toki aproposa izan litekeela pentsatuta.
Behin putzurainoko bidezidorra egokitu ostean, ingurua ezagutzeko irteera antolatu dute igande honetarako, goizeko 9etan Plaza Berritik abiatuta, Udalak eta Soraluzeko Mendi Taldeak.
Irteera edo txango honek helburu bikoitza dauka. Alde batetik, ibilbidea garbitzea, bertan dagoen zaborra kenduz; bestetik, putzua eta putzuaren ingurua herritarrei ezagutzera ematea, herrian dagoen eta oraindik askok ezagutzen ez duten altxorraz gozatu ahal izan dezaten, naturarekiko errespetu eta begirunez gozatu ere.
Txangoari amaiera emateko mokadutxo bat hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita, eguraldia lagun, bainua hartzekoa ere.