Lurralde Plangintza Sailak hasiera eman dio herritarrek Debabarreneko Lurralde Plan Partzialaren diagnostikoa egiteko parte-hartze prozesuari
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak herritarrek Debabarreneko Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala idazteko hasierako dokumentua izango den diagnostikoa lantzen parte hartzeko prozesuari hasiera eman dio aurtengo abenduan.
LPPak lurraldea antolatzeko irizpideak zehazten ditu. Kasu honetan, honako udalerri hauek daude eraginpean hartuta: Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze. “Prozesu luzea da, eta diagnostikoarekin abiatu da orain; herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu, beren ikuspuntutik Debabarreneko erronkak, premiak eta aukerak zein diren adieraz dezaten”, adierazi du Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de los Toyosek.
Kaleko elkarrizketak martxan
Aurreko asteko ostegunean eta ostiralean, herritarrei galdetzeko kaleko elkarrizketak hasi dira. Inkesta horiek hilabete honetako 15ean eta 16an ere egingo dira. Halaber, informazio-hitzaldi bat egingo da abenduaren 15eko 18:30ean, Eibarko Errebal aretoan. Egun horretan bertan, kanal digitalen bidez parte hartzeko epea irekiko da, eta urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik (www.lurraldeplana-debabarrena.eus).
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak herritarrek parte hartzeko eskaintzen duen kanalean (www.irekia.euskadi.eus), eremu funtzional horretako erronkarik eta premiarik garrantzitsuenei, lehentasunik handiena dutenei eta eskualdeak dituen aukerei buruzko eztabaida ireki bat planteatuko da.
Informazio gehigarria HEMEN ikus dezakezu. Zehazki, herritarrek honako bederatzi gai hauen inguruan dituzten ideiak bildu nahi dira diagnostikoan: ingurune naturala eta azpiegitura berdea, mugikortasuna, baliabide naturalak eta hondakinak, lurralde-erlazioa eta ekipamendu handiak, etxebizitza eta hiri-berroneratzea, jarduera ekonomikoa, ondarea eta identitatea, klima-aldaketa eta osasuna, eta inklusibitatea eta euskara.