Soraluzeko Udalaren adierazpena Udalean eta udalerrian Euskaraldiaren hirugarren edizioa sustatzeko
Euskal Herri osoko ehunka herritako milaka lagunek parte hartu zuten 2018ko eta 2020ko Euskaraldiaren lehenengo bi edizioetan, erakunde publikoen zein gizarte eragileen bultzadaz. Soraluzen ere 1.000 herritar inguru izan dira edizio horietan “Ahobizi” edo “Belarriprest” gisa parte hartu dutenak, eta 50 entitate baino gehiagotan eratu dira “Ariguneak”.
Lehenengo eta bigarren edizioen balorazio positiboa egin zen, bai parte-hartzearen aldetik, eta baita ekimenak erabileran izan duen eraginaren aldetik ere. Une honetan, abian dira Euskaraldiaren hirugarren edizioa antolatzeko lanak. Euskararen alde egotetik euskaraz gehiago egitera pasatzeko ariketa soziala da Euskaraldia. Hain zuzen ere, Hitzez ekiteko garaia du leloa hirugarren edizioak. Aurreko bi edizioetan moduan, herritarron hizkuntza-ohituretan eragitea eta euskararen erabilera gehitzea izango da helburu nagusia.
Bigarren edizioan bezala, oraingoan ere, entitateek era aktiboan parte hartuko dute ariketan. Hori dela eta, entitateetan euskaraz lasai jarduteko “Ariguneak” sortzea izango da entitateon zeregin nagusia. Horregatik guztiagatik, honako hau adierazten dugu:
ERAKUNDE ADIERAZPENA
Soraluzeko Udalbatzak bat egiten du, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra, Euskal Herri osoan zehar bideratuko den Euskaraldiarekin, eta ekimenaren sustatzaile izango da Soraluzeko Euskaraldia taldearekin batera. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
Soraluzeko Udalak, entitate gisa, Euskaraldian izena emango du, horretarako ahal diren ariguneak identifikatuz eta bultzatuz.
Udalkide, herritar eta herriko eragileei dei egiten die urtean zehar izango diren prestaketa-lanetan parte har dezaten eta, bere garaian, “Ahobizi” eta “Belarriprest” izan daitezen eta “Ariguneetan” parte har dezaten.
Ordezkari politikoen egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren esparruaren baitan, eta bereziki, Udalean eta Udalaren ardurapeko entitateetan ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta “Arigune” gehien, eta “Ahobizi” eta “Belarriprest” gehien aktibatzeko urratsak emango dituzte, arduradun politikoak izan nahiz langileak izan.
Soraluzeko Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izateko eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.