Helduen Jaietako Kartel lehiaketa bueltan da

Helduen Jaietako Kartel lehiaketa bueltan da

2024/05/28
Hainbat urteren ostean, Kultura Batzordeak Helduen Jaietako Kartel Lehiaketa antolatu du atzera ere.

Azken urteetan, Soraluzeko jaiak iragartzeko kartela haur eta nerabeen lehiaketaren bitartez aukeratu izan da.

Aurten, berriz, hainbat urteren ostean, Soraluzeko Udaleko Kultura Batzordeak Helduen Jaietako Kartel Lehiaketa antolatu du herriko jaiak iragartzeko afixa aukeratzeko. Hortaz, haur eta nerabeen lehiaketaz gain, helduena ere egingo da aurten.

Kartel Lehiaketaren oinarriak

Lehiaketan parte hartu nahi duten pertsonek 35x45 zentimetroko kartela aurkeztu beharko dute, herriko bizitzaren zenbait alderdiri buruzko alegoriak agertzen dituena, koloreak nahieran erabilita. Pertsona-irudiak agertuz gero, emakume eta gizonezkoen presentzia orekatua adierzi beharko dute eta ezingo da sexu-diskriminaziorik islatu, inola ere. Kartelean "2024ko SORALUZEKO JAIAK. Uztailaren 24tik 27ra" jarri beharko da, egile bakoitzak egoki deritzon moduan.

Kartelak aurkezteko epea ekainaren 28an, eguerdiko 14:00etan amaituko da, eta Udaletxeko bulegoetan egin beharko da sobre edo karpeta itxi batean, eta egilearen datuak adieraziz.

Kartel irabazlearen egileak 300 euroko saria jasoko du, eta lana udalaren esku geratuko da. Kultura Batzordeak saria eman gabe utzi edo aipamen bat edo gehiago egin ditzake, hala irizten badu.

Helduen Jaietako Kartel lehiaketaren oinarriak, hemen.

Lehiaketako kartelen erakusketa

Lehiaketara aurkeztutako kartelekin erakusketa bat antolatuko da Udal Kiroldegiko erakusketa aretoan uztailaren 1etik 5era bitarte. Erakusketan, helduen lehiaketako kartelez gain haur eta nerabeen lehiaketako afixak ere izango dira ikusgai.

Sari banaketa ekitaldia, berriz, uztailaren 5ean, arratsaldeko 18:30ean, izango da.