
Landa eremuan hainbat hobekuntza aurreikusten ditu 2025eko udal aurrekontuak
Soraluzeko Udalbatzak 2025. urterako aurrekontua onartu zuen lehengo eguaztenean, otsailaren 19an, egindako osoko bilkuran. Aurtengo udal aurrekontuak landa eremuko hainbat espazio hobetzeko eta birgaitzeko proiektuak barne biltzen ditu; hala nola, San Andres eta Ezozi auzoetako parkeak eta Urkiazelaiko kanadar pasabidea hobetzea izango dute xede proiektuok.
Hauexek izango dira aipatutako eremuetan egingo diren lanak eta dagokien aurrekontu-partida:
- San Andres auzoko pilotalekua eta haur parkea eraberritzea, komunitatearen parte-hartzearekin; Ezozi baserri auzoko parkea txukuntzea: 35.000€
- Urkiazelaiko kanadiar pasabidea, abereei igarotzea eragozten dien errepideko oztopo mota alegia, eta baserrietarako seinaleak berritzea: 20.000€
San Andreseko parkea, martxan
Udalak herriko parkeen egoeraren diagnostikoa egin zuen udazkenean, zeinaren arabera San Andreseko parkea guztiz berritzeko beharra ikusi baitzen. Herriko beste parke batzuek hobekuntzak behar zituztela ere ondorioztatu zen; datozen hilabeteotan helduko zaie hobekuntza horiei
San Andres auzoari dagokionez, haur parkea eta pilotalekua eraberritzeko prozesu parte-hartzailea martxan dago dagoeneko, joan den zapatutik, otsailaren 22tik. Izan ere, 55 lagun elkartu ziren prozesuan parte hartu eta iritzia emateko. Orain, Udalak jasotako ekarpenak Kimubat enpresari helaraziko dizkio, parkea eraberritzeaz arduratuko baita, eta martxoa-apirilean bigarren saio bat egingo dute aukerak aztertzeko. Aurreikuspenen arabera, uztailerako parkea eraberrituta izango da.
Soraluzeko udalak oso garrantzitsutzat du eraberritze lan hauek herritarren eta komunitatearen parte-hartzearekin egitea. Horregatik, auzotarrekin, herritarrekin eta San Andres elkarteko bazkideekin lanketa egiten dihardu.
Urteroko lanak ere bai
Aurten ere baserri-bideak garbituko dituzte Udaleko Ingurume eta Landa Departamentuaren ekimenez; Soraluzeko auzoetarako bide bazterretako arekak garbitzeaz gain, zuhaitzak, arramak eta adaxkak mozten dihardute jada Debemeneko langileek.
Desbroze lanei dagokienez, ostera, aurreikusten da irailetik aurrera hasiko direla eginbehar horietan.