Gas kutsagarriak murrizteko plana
Mankomunitateak bere ibilgailuek isuritako gas kutsagarriak neurtu ditu. Ondorioztatu du berotegi-efektuko 1000 tona gas isurtzen dituztela urtero eta ekintza plan bat diseinatu du trantsizio energetikoari bidea ireki eta jasangarritasunaren alde egiteko.
2030erako isuritako gasak %40an murrizteko ekintza-plan bat diseinatu du Mankomunitateak: “ingurumenaren kontserbazioa funtsezkoa da guretzat, eta horregatik egiten dugu trantsizio energetikoaren alde, gure jarduerak aurrera eramateko bide jasangarriagoen bila.”
Aurrekariak: ibilgailuek isuritako gasen neurketa
Mankomunitateak 62 ibilgailu ditu, eta, urtero, 950.362 kilometro egiten dituzte guztira gure eskualdeko kale eta errepideetatik. Mankomunitatearen ibilgailu flota osatzen dute hondakinak biltzeko kamioiek, bide-garbiketarekin lotutako ibilgailuek eta arduradunen eta teknikarien tresnek.
Ibilgailuek darabilten erregaia diesela da. Atmosferara isurtzen diren gas kutsagarriak neurtu dira Europar Batasunak isuriak kalkulatzeko estandarizatutako Copert metodologia erabilita, eta ondorioztatu da Mankomunitatearen ibilgailuek berotegi-efektuko 1000 tona gas isurtzen dituztela urtero, batez ere karbono dioxidoa eta nitrogeno oxidoa.
Gas gehien isurtzen duten ibilgailuak 14 tonatik gorako kamioiak dira, urtean 443 tona CO2 isurtzen dituztenak; ondoren, 7,5 eta 14 tona arteko kamioi ertainak daude (204 tona CO2 isurtzen dituzte) eta baita furgoneta handiak ere (113 tona CO2 isurtzen dituzte urtean). Nitrogeno oxidoen isurketei dagokienez (NOx), kamioi handiek isurtzen dute gehien, 2,49 tona. Flotako ibilgailuek karbono monoxidoa (CO), partikulak (PM10) edo nitrogeno dioxidoa (NO2) ere isurtzen dituzte, baina kantitate txikiagoetan.
Gasen isurketa murrizteko ekintza-plana, jasangarritasunera bidean
Ekintza-planaren helburua da Mankomunitatearen ibilgailuek isuritako gasak %40 murriztea 2030erako. Helburu hori lortzeko lau lerro estrategiko finkatu ditu Mankomunitateak, eta 12 ekintza zehaztu ditu datozen urteetarako, NBEren Agenda 2030 eta garapen jasangarrirako 17 helburuetan oinarrituta.
Honakoak dira lerro estrategikoak: mugikortasunean eraginkortasuneko neurriak sustatzea, ibilgailu-flota efizienteagoarekin kontsumoa eta isuriak murrizteko; energia iturri berriztagarrien bidezko sorkuntza eta kontsumoa bultzatzea zaborrak tratatzeko guneetan; energia iturri alternatiboen erabilera bultzatzea parke mugikorreko ibilgailuak aldatzen joateko; eta gaur egungo legediaren eskakizunetara egokitzeko neurriak hartzea, Europako garapen jasangarrirako helburuekin bat egiteko.
Horien baitan, 12 ekintza zehaztu ditu Mankomunitateak:
- Zaborrontzien monitarizazioa bidaien optimizaziorako
- Ibilgailuen digitalizazioa ibilbideak definitu eta datu bilketarako
- Ziurtagiri energetiko ona duten ibilgailuak erabiltzea
- Eguzki instalazio fotovoltaikoa ezartzea Eibarko plantan
- Plantako kontratu elektrikoa ZEB-era pasatzea
- Karga-puntuekin bateragarritasuna lortzea
- Plantan ibilgailu elektrikoak energiaz hornitzeko karga-puntuak jartzea
- Erregai alternatiboen eskuragarritasunaren jarraipena
- Ibilgailu berriak erosteko pleguen egokitzapena
- Langileen formakuntza sustatzea
- Jarraipena egiteko metodologia zehaztea
Debabarrena Mankomunitateak ingurumenaren defentsarekin duen konpromisoa erabatekoa da, eta, horregatik, hondakinen bilketan beharrezkoak diren hobekuntzak ezartzeaz gain, urrats eraginkorrak ematen ari gara ingurumena babesteko eta gure ibilgailuek isuritako gas kutsagarriak murrizteko.