Amaitu dira Santa Ana jaiak

Amaitu dira Santa Ana jaiak

2017/07/27
Kalitate handiko ikuskizunak eta eguraldi nahasia izan dira protagonistak atzo amaitu eta txupinazo goraberatsuarekin hasi ziren 2017. urteko Santa Ana jaietan.

Santa Ana jaiek agur esan dute datorren urtera arte.

Txupinazoa jaurtitzeko garaian izandako sustoa ez dute herritarrek, baina, berehalakoan ahaztuko.

Gainontzean, programatutako ekitaldiek jendearen aldetik jaso duten erantzun ona da aurtengo jaien gainean esan litekeena, ikuskizun politak eta kalitate handikoak izan direlarik, herritarren esanetan.

Izan duten mailari dagokionean, bereziki nabarmentzekoak dira Aukeran taldearen "Fusioak" dantza-ikuskizuna, Atlantida orkestraren saioa edota "Azteca" mariatxiaren kontzertua.

Batutako ikusle kopuruaren aldetik, Oihan Vegaren saioa, musika elektronikoaren jaialdia, herritarrek prestatutako musika-ikuskizuna, "Goazen"-eko lagunen emanaldia eta "Los Mansos" taldearen kontzertua dira azpimarratzekoak, danek ere lepo bete baitzuten Plaza Zaharra.

Kaleko animazioa kontratatzerakoan ere asmatu dute antolatzaileek "Rockalean", "Baralde txaranga" eta "Bentazarreko Mutiko Alaien" kalejirak ikaragarri arrakastatsuak gertatu zirelarik.

Haurrentzako eskaintza ere handia izan da jaietan, gorago aipatutako "Goazen, abestu eta dantzatzera" ikuskizunarekin batera, hamaika ekintza izan baitituzte txikienek jaiez gozatzeko; hala nola, puzgarriak, apar-festa, krosa, dantza eta "Kulki" haur-parkea.

Eguraldia izan da nahasi samar ibili dena, azken egunean izan ezik, eguzkia ikusteko aukera gutxi izan da-eta jaietan. Hala ere, ez da ekintzarik suspenditu behar izan, haurrentzako hainbat ekintza tokiz aldatu badira ere.

Oro har, jai oso politak igaro dituzte herritarrek, jai egun asko izateak eta horietako batzuk astebarruan jausteak hainbat momentutan, azken orduetan batez ere, kalean jende gehiegi ez ibiltzea ekarri badu ere.

Hobetzeko gauzen artean, autobus zerbitzuarekin egondako arazoak eta hainbat puntutan egon den gehiegizko zarata nabarmendu behar dira.