Soraluzeko eraso matxistaren gaitzespena

Soraluzeko eraso matxistaren gaitzespena

2019/01/03
Soraluzeko Udalak asteartean herrian izandako eraso matxista gaitzetsi du eta gaur arratsaldeko 8etarako deitutako kontzentrazioan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Soraluzeko Udalak gogor gaitzetsi du astearte goizaldean herrian izandako eraso matxista, baita erasoaren aurrean bere sumina adierazi ere. Ertzaintzak 25 urteko gaztea atxilotu zuen labanaz bikotea mehatxatu eta erasotzeagatik eta erasoa gelditzen ahalegindu zen honen lagun bat kolpatzeagatik.

Udalak adierazi du emakumeen aurka ematen diren indarkeria era desberdinek (Psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa eta sexuala…) beraien osotasun eta duintasun fisiko eta moralaren aurkako eraso zuzena suposatzen dutela; ondorioz, oinarrizko eskubideen aurkako bortxaketa larri eta onartezina.

Soraluzeko Udalak gogora ekarri du eraso sexistak eta sexu-erasoak gizartean eta eguneroko bizitzan, arlo publikoan nahiz pribatuan, ematen den indarkeria matxistaren isla baino ez direla eta, hori dela eta, emakumeenganako errespetuan oinarritzen ez den jokaera oro gaitzesten duela, keinu eta jarrera sexistetatik hasi eta muturreko erasoetaraino.

Soraluzeko Udalak berretsi nahi du era honetako gaitzespenek ez dutela ezertarako balioko ez badugu barneratzen berdintasun, prebentzio, heziketa eta, batez ere, errespetu gehiagorekin bakarrik lortuko dugula emakumeek eta neskatilek momentu oro eta toki orotan pairatzen dituzten indarkeria eta jarrera matxistekin amaitzea.

Gertaera honek erakundeak eta gizarteak gure udalerrietan benetako berdintasuna erdiesteko daukagun erantzukizunaren aurrean jartzen gaitu. Ezin dugu beste alde batera begiratu. Ezin gara konplize izan. Era honetako jarrerenganako tolerantzia eta inpunitatearekin amaitu beharra dago. Honi dagokionean, sentsibilizazio eta prebentzio lana egiten jarraitu behar dugu, gure herriko gazteen artean bereziki, beraiek baitira etorkizuneko herritarrak. Emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen aktiboki gaitzetsi behar dugu, salatuz, ez onartuz, ixilik ez geratuz eta biktimari babesa eta laguntza emanez.

Bukatzeko, Soraluzeko Udalak bere elkartasuna adierazi nahi die erasoa jasan dutenei eta beren ingurukoei. Eta Korner Morea-Soraluzeko Transfeministak Elkartearekin batera, gaur, osteguna, urtarrilak 3, arratsaldeko 8:00etan, Plaza Berrian antolatutako elkarretaratzera joateko deia egiten du.