2025eko martxoaren 8rako adierazpena eta egitaraua
plaentxia.eus

2025eko martxoaren 8rako adierazpena eta egitaraua

2025/03/06
Adierazpen instituzional adostua kaleratu dute Soraluzeko Udaleko alderdi politiko guztiek Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira; herriko eragileek martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekintzen egitaraua ere argitaratu da.

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izaki, ekintza ugari antolatu dituzte Soraluzeko hainbat eragilek; besteak beste, Soraluzeko emakume* feministak taldea, Soraluzeko Udaleko Berdintasun Batzordea eta Udal Liburutegiak programatu dituzte askotariko jarduerak martxoaren 8rako eta ondorengo egunetarako. Halaber, Soraluzeko Udaleko talde politiko guztiek adierazpen instituzional adostua kaleratu dute.

Askotariko jarduerak

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzak martxoaren 8tik harago joango dira aurten ere.

Soraluzeko emakume* feministak taldea arduratu da zapatuko, martxoaren 8ko, egitaraua prestatzeaz. Programatutakoen artean, manifa, MICEren kontzertua eta Arrano elkarteko afaria daude.

Hurrengo egunetan, ostera, Udaleko Berdintasun Batzordeak antolatuta, Amama irrifarren ondarea antzezlana ikusiko dute Plaentxi Herri Ikastetxeko neska-mutilek eta anSelma & Luisa helduentzako antzezlana ere ikusi ahal izango da Herri Antzokian. Horretaz gain, Udal Liburutegiak eta Mesedeetako egoitzak elkarlanean antolatu dute Irakurketa Errazeko talde irekia, interesa duen edonork parte hartzeko Las invisibles liburuaren irakurketan eta tertulian.

Adierazpen instituzional adostua

Soraluzeko Udaleko alderdi politiko guztiek ondorengo adierazpen insituzional adostua kaleratu dute 2025eko martxoaren 8rako.

Martxoaren 8a, Emakumeon* Nazioarteko eguneko adierazpena

Martxoaren 8a, Emakumeon* Eguna, orain arte lortutakoa ospatzeko egunetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da. Ezinbestekoa da eskubideen aldeko borrokan, mugimenduaren antolakuntzak eta egindako interpelazioetatik, jendarte guztia inplikatzeko izan duen eraginaz mintzatzea. Zentzu honetan, instituzio honi dagokion ardura hartzetik aurkezten dugu adierazpen hau.
Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; eta azken honek gainera, prekarizazio norabidea nabarmen hartu du. Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. 

Horretarako, erakundeak koordinatu behar gara, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak. Behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da, artikulazioa eta parte-hartzea bultzatuz, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz.

Egoera honen kontziente izan behar dugu eta horri erantzungo dioten politika publikoek emakumeek boteretzera ere eraman beharko lukete. Horretarako ezinbestekoa da Gobernantza Feminista aurrera eramatea. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa. 

Berdintasun Politikek, azken urteetan, oinarrizko sistema bat sortu dute, baliabide eta planez josia. Ezinbestekoak izan dira, hainbat bide zabaltzeko, eta hauen garapenean oraindik bidea daukagu egiteko. Nabarmentzekoa da, indar ultrakontserbadoreek hauen kontra abiatu duten gurutzada, eta argi dugu horien defentsan eta sustapenean egongo garela instituzio bezala. Baina handik haragoko politikak behar ditugula esan nahi dugu gaurkoan, zeharlerrotasun sakon bat martxan jarri behar dugu. Hau da, estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Honi, Politika Feminista deritzogu, “emakumeen gaiak” eskinatik atera eta unibertsal bilakatzera jo nahi dugu. Zaintzaz, ekonomiaz, hirigintzaz eta Indarkeria Matxistaz, guztiaz, ikuspegi feministatik aritu nahi dugu. Beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz.

Horregatik guztiagatik, Soraluzeko Udalak honako hau erabaki du:

  • Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea. Honi begira, 2025. ikasturte honetan Soraluzeko IV. Berdintasun Planaren prozesua bideratu eta dagokion plana garatuko dugu.
  • Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolari behar adina baliabide bermatzea.
  • Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.
    Iazko Martxoaren 8an adostutako moziotik puntu hauek azpimarratu eta beraien garapenaren berri ere eman nahi da:
    • Udalean Berdintasun I. Barne plana osatzen ari gara eta gobernantza ereduaren inguruan lan egiten jarraitzen dugu; baita emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen ere, hala nola, Jabetze Eskolaren III. egitaraua prestatzeko prozesuan murgilduta gaude herriko emakumeekin eskuz esku.
    • Zaintzari buruz Soraluzeko 3 alderdi politikook 2023ko abenduan adostutako mozioan jasotako 9 ardatzak lantzen jarraitzen dugu.
  • Mugimendu Feministak herrian bultzatutako dinamikarekin bat egitea. Espreski, martxoaren 8an, zapatua, 19:00etan Zubitik abiatuko den manifestazioan eta ondoren egongo diren ekimenetan parte hartzera deituz herritarrak.