Soraluzeko Esperientziaren Eskola

Soraluzeko Esperientziaren Eskola

2018/06/20
Soraluzeko Esperientziaren Eskola aurkezteko saioa egingo da gaur arratsaldeko 6:30ean Itxaropena jubilatuen Elkartean; pertsona nagusiei zuzendutako ekintza ezberdinak eskainiko ditu eskolak.

Gaur, ekainak 20, arratsaldeko 6:30ean, Itxaropena Jubilatuen Elkartean, Soraluzeko Esperientziaren Eskola aurkeztuko dute.

Esperientziaren Eskola Udaleko Gizarte Ongizate sailak bultzatutako egitasmoa da eta herriko Adin Nagusiko Pertsonak Ahalduntzeko Taldearen baitan sortu da. Aipatutako taldea Alkarri Elkarteak koordinatzen du eta, elkarte honetaz gain, Mesedeetako Amaren Zaharren Egoitzak, Eguneko Zentroak, Jubilatuen Elkarteak  osatzen dute.

Ekimen honek hilean behin edo bi hilean behin pertsona nagusien interesekoak diren hainbat ekintza antolatzea aurreikusten du (tailerrak, hitzaldiak, zine-foruma, nahai inguruak, etab.). Denboran irauteko asmoarekin jaio da eta aurrekontu propioa izango du.

Udaleko Osasun, Gizarte Ongizate eta Inmigrazio Saileko arduradun Patricia Borinagak azaldu duenez, "egitasmo honen helburua gure herriko pertsona nagusien ahalduntzea eta zahartzaro aktiboa bultzatzea da, beren eskura jarriz beren autonomia eta bizitza kalitatea hobetuko duten tresnak. Azken finean, Esperientziaren Eskolak balio beharko luke pertsona nagusiek izan dezaten gune bat parte hartzeko, integratzeko, askeago sentitzeko, beren iritzia emateko eta erabakiak hartzeko".