Mendigaineko lursailen erosketa
Soraluzeko Udaleko Ingurumen eta Landa Garapeneko Batzordeak sustatuta, Udalak lursail berri bat erosi berri du Mendi-gainean. Legealdi honetan, Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan, erosten duen laugarren lursaila da, honenbestez, 59.652 metro karraturen jabe egin da.
Abenduaren 19an izandako Osoko Bilkuran mendigaineko “Idoia-Azkabeitiaburua” izeneko lursaila erostea onartu zuen udalbatzak, aho batez. Lursaila Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan aurkitzen da, 26.289m2-ko azalera dauka eta 9.464,04 euroan erosi du Udalak. Aipatu lur-saila Atxolin mendiaren tontorrera iritsi baino lehenagoko lautada da, herritarrek “kanpo de futbola” moduan ezagutzen dutena.
Orain baino lehen beste hiru lursail erosi ditu Udalak mendigainean, 33.363m2ko azalera.
Udal Gobernuaren asmoa apurka-apurka Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan dauden lurrak erosten joatea da. Debegesa (Debabarreneko Garapen Ekonomikorako agentzia) eta Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalek mendigaineko Dolmenen Ibilbidea balioan jartzeko egiten diharduten apustu garrantzitsua kontuan izanik, Soraluzeko Udalak lehentasunezkoa ikusi du lur-sail hauen erosketa burutzea proiektua aurrera eraman ahal izateko.
Esan bezala, Karakete-Hirukurutzeta mendi-lerroa balioan jartzea da bertan lur-sailak erostearen arrazoia. Herritarrentzako paraje kuttuna izateaz gainera, inguruak balio handia dauka hala ingurumenari dagokionean nola turismoari, paisaiari, abeltzaintzari zein ondare historikoari dagokionean ere eta hori babestu eta garatu nahi ditu Udalak.