Kale-garbiketa sakonagoa egin da azken asteotan, Mankomunitateko makina bereziarekin
plaentxia.eus

Kale-garbiketa sakonagoa egin da azken asteotan, Mankomunitateko makina bereziarekin

2024/09/18
Uztaila amaieratik lehengo astera bitarte aritu da Mankomunitateko desugertzeko makina herriko kaleak sakonago garbitzen.

Ohiko jardunean egin ezin den garbiketa sakonagoa egiten aritu dira kale-garbiketako langileak azken asteotan Mankomunitateko desugertzeko makina bereziarekin. 

Aurtengoan Loralden hasi eta Etxaburueta, Calonge, Zubi Nagusia, Baltegieta zati bat, Olako zubia, Atxuri, Errebal eta Errekaldeko plaza garbitu ditu, besteak beste. Aurten pasa ez diren guneetatik datorren urtean igaroko dira: saihesbidea edo biala alderik alde, Ezozi bidea, Iturburu pasealekua, Baltegieta kiroldegitik aurrera eta Atxuri goikaldea.

Makinak garbitu ezin dituen kale estuak edo eskilaraz beteak, ostera, Galipot edo Elizburu, esaterako, sakonago garbitzeaz brigadako langileak arduratuko dira.

Udalaren asmoa da bi urteko zikloa osatzea kale-garbiketa sakonago hauekin; horrela bermatuz  bi urterik behin herriko espaloi eta parke guztiak garbituko direla Mankomunitateko desugertzeko makina bereziarekin.