Emakumeen aurkako indarkeriari ez
2003tik, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak biltzen hasi zirenetik, 115 emakume eta 11 haur hil dituzte Euskal Herrian. Zenbaki onartezin horien atzean izenak eta izanak daude. Betiko zapuztutako bizi-proiektuak. Aurten Sara Pina Yeregui, Felisa S.P. eta Mª Luisa Larrañaga izango ditugu gogoan, 2022an erailak.
Azaroaren 25ean emakumeen beraien eskubidea aldarrikatu nahi dugu, espazio publikoa berdintasun-baldintzetan erabiltzeko eta horiez gozatzeko, herritartasun osoari dagokien eskubideak bermatze aldera. Hitz batez, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzea
Emakume askok aurrerapenak lortu dituzte, banaka egindako ahalegin tematiaren bidez; bai eta mugimendu feministek eta beste erakunde batzuek egindako lanaren bidez ere, espazio publikoak eta pribatuak gizonen eta emakumeen artean banatzeko dikotomia gainditzeko helburuarekin. Hala ere, bi aldeen arteko desberdintasuna agerikoa da oraindik, batzuek eta besteek bizitza publikoan parte hartzeko izan dezaketen erabileran, bai eta gure hirietako eta herrietako kaleez gozatzeko eta haiez jabetzeko orduan ere.
Berdintasunezko erabilera hori murrizten duten mekanismo anitzen artean, sexu indarkerian jarri nahi dugu fokua; izan ere, mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari dira.
Emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria, indarkeria matxista normalizatuaren testuinguruan, helburu argia du, funtzio sozial zehatz bat: emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea, hain zuzen ere. Zehazki, jai- eta aisialdi-testuinguruetan gertatzen den sexu-indarkeriak emakumeen sexualitatea kontrolatzeko funtzio hori betetzen du. Era berean, haien nahia, gorputza, mugikortasuna, espazio publikoko okupazioa, gizarte-harremanak eta berdintasun baldintzetan gozatzeko eskubideak kontrolatzea ere.
Beraz, euskal politika publikoen eta administrazioen betebeharra eta helburua da eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, emakumeek eta neskek beren herritartasun osoa gauzatu ahal izateko gure hiri eta herrietako espazio fisikoan, eta horiek erabiltzea, berdintasun-baldintzak bermatuta.
Ildo horretan, Berdintasunerako Legearen erreforma egin da Euskadin, indarkeria matxistaren kontzeptualizazio irekiagoa ekarri duena, eta, estatu mailan, Sexu Askatasunen Legea onartu da.
Kontuan izan behar dugu erreklamatutako eskubidea ez dela segurtasunera mugatzen, baizik eta espazio batean bizitzeko sarbidera eta askatasunera zabaltzen dela; sozializatzeko, bere egiteko eta eraldatzeko, emakumeen eta nesken interesen, nahien eta beharren arabera.
Beraz, azaroaren 25 hau egun bat izan behar da indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko, gizartean normalizatuenetatik hasita (ukituak; mezu sexistak; jantzien, sare sozialen edo konpainien erabileraren kontrola; espazio publikoa libreki okupatzeko zailtasunak (parkeak, joko-jolastokiak...); emakumeen eta gizonen berdintasunari zuzenean eraso egiten dioten administrazio-erabakiak; etab.), eta, amaitzeko, eraso larrienak eta bortitzenak, hala nola sexu-erasoak eta eraso fisikoak eta hilketa.
Toki-administrazioei dagokie, beren politika publikoen eta hiri-plangintzaren bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku lagunkoi bihurtzea.
Nazio Batuen Erakundearen ekimenak, «Hiri seguruak eta espazio publiko seguruak», espazio publiko seguruak eta ahalduntzaileak sustatzen du emakumeentzat eta neskentzat, sexu-jazarpenik eta bestelako sexu-indarkeriarik gabe, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri-Itunaren ildotik
Guztioi dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetatik hasita, gure ingurune hurbilenean jardunez. Eta, gure kasuan, ordezkari publiko gisa, erakunde-esparrutik jardunez, beharrezko baliabide teknikoak, ekonomikoak eta politikoak aktibatuz. Ikuspegi feministarekin lan egitea egunero eta eremu guztietan, indarkeria matxistaren arazo kolektibo larri horri aurre egiteko.
Hori horrela, Soraluzeko Udalak ondorengo konpromisoak egiten ditu bere:
- Kontzientziazioa, sentsibilizazioa, prestakuntza eta erreparazioa sustatzen jarraitzea, indarkeria matxista mota guztiak desagerrarazteko bidean aurrera egiteko.
- Emakumeen aurkako indarkeria digitalari aurrea hartzeko eta erantzuteko estrategiak lantzea.
- Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako ahalduntze-jarduerak egiten jarraitzea.
- Haur, gazte eta gizon helduei zuzendutako jarduerak abian jartzea, afektibitatea, harreman- eta maskulinitate-ereduak, rol sexistak gainditzeko eta parekidetasuna lantzeko estrategiak eta abar lantzeko.
- Era sakonean ezagutzea emakumeei espazio publikoa ukatzeko modu anitzak, tokiko politiken diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko.
- Aldaketak bultzatzea jarreretan eta portaeretan, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko dituzten eskubideak bermatze aldera. Hori gauzatzeko, errespetuzko genero-harremanak, genero-berdintasuna eta segurtasuna sustatzea espazio publikoetan.
- Inbertsioak sustatzea, espazio publikoetan hautemandako segurtasun errealari dagokionez; genero-ikuspegia ziurtatzea hiri-plangintzan, emakumeen beharrizanak kontuan har daitezen.
- Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru-aldundiekin besteak beste; gizarte-taldeekin, feministekin, ere, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko
Azkenik, Soraluzeko Udalak bat egiten du azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta dei egiten die herritarrei azaroaren 25ean, ostirala, 19: 00etan Plaza Berrian egingo den elkarretaratzean parte har dezaten.