Soraluzeko Udalak herritarren parte-hartzearekin gauzatu nahi du euskara biziberritzeko herriko plana
Orain arte indarrean egon den ESEP plana ordezkatuko duen marko estrategikoak AROA du izena. Eusko Jaurlaritzak ondu du eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien esku jarri du. Bi gauza egin behar dute udalerriek: batetik, euskarak udalerrian egun duen egoeraren azterketa sakona egin; eta, bestetik, datozen urteetarako plan estrategikoa diseinatu.
Testuinguru horretan, Soraluzeko Udalak AROA plana diseinatzeko prozesua martxan jarri berri du. Udalerriko testuinguru eleaniztunean, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea da plan horren xedea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko. Prozesu honetan, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, eta horregatik, hainbat ekimen jarri ditu abian.
Lehenik eta behin, diagnostikoa egiteko datuak jasoko dira; hiru bide nagusi baliatuko dira horretarako: lehenik, han eta hemen jasota dagoen informazioa aztertuko da (txostenak, planak, ikerketak…); bigarrenik, elkarrizketak egingo dira askotariko herritar eta eragileekin; eta hirugarrenik, galdetegi bat zabalduko da, ahalik eta herritar gehienen iritziak jasotzeko.
Galdetegia askotariko herritarren iritziak jasotzeko
Galdetegia euskaraz edo gaztelaniaz bete ahalko da, euskara ez dakitenen iritzia ere aintzat hartu nahi delako. 16 urtetik gorako herritarrek bete ahal izango dute.
Galdetegia betetzeko bi bide egongo dira:
- Aurrez aurre, udaletxeko harrera bulegoan, astelehenetik barixakura 9:00etatik 14:00tara.
- Oline, ondorengo esteka sakatuz: galdetegia
Diagnostikoa kontrastatu eta plana garatzeko saioak
Galdetegiez gain, planaren diagnostikoa kontrastatzeko eta aurrera begirako diseinua egiteko herritarren parte-hartzea lortu nahi da; horretarako, lehenengo saioa urtarrilaren 22an egingo da. Hurrengo bi saioak, otsailaren 26an eta martxoaren 26an egingo dira.
Soraluzeko Udalak herritarrei kalitatezko euskarazko zerbitzua eskaini asmoz VII.Barne plana osatu du. Behin lan hau eginda, herriko bizitzan euskara ardatz eta harremanetarako hizkuntza normalizatua izateko estrategiak eta elkarlana definitu eta sustatu nahi ditu AROA planaren bidez. Ezinbestekotzat jotzen du bide hau adin, genero, jatorri eta hizkuntza perfil askotariko soraluzetarren artean egitea.