Martxoaren 8aren bueltako programazioa

Martxoaren 8aren bueltako programazioa

2022/02/24
Udaleko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera antolatu ditu martxoaren 8aren inguruan; emakumeen eta gizonen arteko berdintasun osoa eta eraginkorraen aldeko aldarria egin du.

Soraluzeko Udaleko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera antolatu ditu martxoaren 8aren inguruan, herritarrak kontzientziatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun osoa eta eraginkorra aldarrikatzeko eta gizarte hobea lortzeko.

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Udaleko Berdintasun Batzordeak bultzatutako jarduerak martxoaren 4tik 25era bitartean egingo dira, eta, Patricia Borinaga Udaleko Berdintasun arloko arduradunak azaldu duen bezala, adin guztietarako eta mota guztietako jarduerak eta ekitaldiak programatu dira. Jarduera horien helburu nagusia, berdintasunean hezteaz eta kontzientziatzeaz gain, emakumeak aldarrikatzea eta balioestea da. Hori guztia emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, giza eskubidea izateaz gain, demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta sozialki eta ekonomikoki iraunkorragoa eraikitzeko behar estrategikoa delako ustean.

PROGRAMAZIO OSOA

  • Martxoak 4 (ostirala), 20:30ean Antzokian: Helduentzako Bertso-Antzerkia “ErrE-Aldarri bat bertsoz” Zer da burua gorputzik gabe? Heriotzarik gabeko bizitza? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumeak gizonik ez badago? Denak binaka, bata bestearen definizioa. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. Gonbidapenak (doan), otsailaren 25etik aurrera Iratxon.

  • Martxoak 8, (asteartea), 11:30etatik 13:30etara Institutuan: Scape room «Berdintasunerako bidea» institutuko ikasleei zuzendua.

  • Martxoak 10 (osteguna), 15:00etan Antzokian: Haurrentzako antzerkia, “Piztu! EmakumeON energía” Nola izango litzateke emakumeon energia mundu bat berdintasun errealarekin? Eta argia piztuko bagenu desorekaz eta injustiziaz beteriko mundu ilun batean? Eta mundu bat imajinatuko bagenu non guztion energia erabiliz guztiei aukera berdinak ematen dizkien? Eta, bat-batean, zientzialari batek ezjakintasun guztiekin amaitzeko makina miragarria asmatuko balu? Horrek berdintasuna ahalbidetuko luke? Eta asmatzailea emakumea balitz?

  • Martxoak 12 (larunbata), 10:30etatik 14:30etara Tolarekuan (Kiroldegia): Zoru pelbikoaren tailerra Juncal Altzugaraik emango du. Izena emateko epea: martxoaren 10era arte udal bulegoetan. Doakoa.

  • Martxoak 13 (igandea), 19:00etan, Antzokian: “Petite Mamam” (Céline Sciamma, 2021) filmaren proiekzioa. Céline Sciamma haurtzarora itzuliko da, amatasunari buruzko fabula eder batekin "sutan dagoen emakume baten erretratuarekin" liluratu ondoren. COVID-19aren pandemian filmatua, Berlingo Zinemaldian Publikoaren Saria jaso zuen. Doan.

  • Martxoak 24 eta 25 (ostegun-ostirala), 09:30etik 12:30era, udal Gaztelekuan: ahalduntze taldean parte hartzen duten emakumeei zuzendutako Autodefentsa feministaren tailerra.

Horrezaz gainera, Soraluzeko Udalak bat egin du Soraluzeko M8 plataformak antolatutako mobilizazioarekin. Mobilizazioa martxoaren 8an izango da, 18: 30ean, Plaza Berrian.