Martxan dira berriro ere Haur eta Nerabeen Kontseiluak

Martxan dira berriro ere Haur eta Nerabeen Kontseiluak

2023/12/21
Haur eta Nerabeen Kontseiluek ikasturteko lehendabiziko bilerak egin dituzte; kontsultarako organoak dira eta herriko gaztetxoen ikuspuntua politika publikoetan txertatzea dute xede.

Haur eta Nerabeen kontseilu bana sortu zituen Soraluzeko Udalak iazko urtean, haur eta gaztetxoen parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin.

Ekimena herriko ikastetxeekin eta guraso elkarteekin elkarlanean burutzen dihardu udalak.

Kontseiluen helburua herriko haur eta gaztetxoei beraien iritzia eskatzea da eta eragiten dien guztian parte hartzeko duten eskubidea bermatzea. Kolektibo hauek zer pentsatzen duten jakin nahi du Udalak, beraien proposamenak entzun eta beraien iritzia kontuan hartzeko.

Bi kontseilu daude: Haurrena (8-11 urte) eta nerabeena (12-16 urte). Kontseilu bakoitza 12 pertsona inguruz osatuta dago eta urtean 3 aldiz biltzen da, eskola orduetan. Kontseilukideak ikastetxean aukeratzen dira, bertan parte hartzeko borondatea agertzen duten ikasleen artetik.

Ikasturte honetako lehen bilerak abenduaren 12an eta 13an egin ziren.

Bileran, kontseiluak osatzen dituzten ikasleekin batera, Alkateak, Haur eta Gazteen Saileko arduradun politikoak eta Udaleko hainbat teknikarik hartu zuten parte.

Bi gairen bueltan aritu ziren gaztetxoak lehendabiziko bilera hauetan: Herriko jaiak eta herriko liburutegi-zerbitzua.

Udalak oraintxe jarri ditu martxan bi gai horiei buruzko hausnarketa-prozesuak, datorren urteko jaiak antolatzeari eta liburutegi-zerbitzua eraberritzeari begira, hurrenez-hurren. Prozesu horietan haur eta gazteen iritzia ere kontuan hartze aldera eraman dira gai bi horiek haur eta nerabeen kontseiluetara. Bileran ikasleek egindako proposamenak gai horien gainean abiatu diren herri mailako prozesuetara inkorporatuko ditu Udalak.

Gai batean zein bestean proposamen ugari egin dituzte kontseiluko kideek zein beraien gelakideek (kontseiluetan landutakoa gelakideekin partekatzen da, ikasle guztiek parte hartu ahal izan dezaten). Udalaren asmoa, eta horrela adierazi zuen Alkateak bileran bertan, proposamen horiek aztertu eta bideragarriak diren neurrian aurrera eramateko ahalegina egitea da.

Kontseiluak martxoan eta maiatzean bilduko dira berriro, beste gai batzuei buruzko proposamenak lantzeko, udalak proposatutakoak zein haur eta gazteek ekar ditzaketenak.

Kontseiluko bilerak egin diran sasoi beretsuan, haurren parte-hartzearen garrantziari buruzko formazio eta informazio saioak jaso dituzte proiektuan inplikatuta dauden ikastetxeetako irakasleek, udal teknikariek eta arduradun politikoek.