Gaikako hondakin-bilketa gorantza

Gaikako hondakin-bilketa gorantza

2021/09/06
Hondakinen gaikako bilketak %2 egin du gora azken urte eta erdi honetan Debabarreneko eskualdean; 2030. urterako %70eko tasa lortzea da Mankomunitatearen helburua.

Debabarrenako Mankomunitateak 2020ko ekainean aurkeztu zuen Plan Estrategikoa, 2030erako gaikako bilketaren %70a lortzeko helburua eta hori lortzeko gakoak ezarrita. Urtebete igaro da jada, eta Mankomunitateak positibotzat jo du denbora horretan gaikako bilketak eskualdean izan duen bilakaera.

2020an Debabarreneko gaikako bilketa %54,02koa zen, eta, hamabi hilabete geroago, 2021aren hasieran, %55,26ra igo zen. 2021eko ekainean, gaikako bilketa %55,99koa zen. Beraz, urte eta erdian, eskualdeko gaikako bilketa ia %2 igo da.

Sentsibilizazio kanpainen eragina

Hainbat kanpaina egin dira herritarrak sentsibilizatzeko eta Debabarreneko gaikako bilketa hobetzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen diru-laguntzei esker, establezimendu eta saltokietan gaikako bilketa hobetzeko kanpainak egin ziren 2020an: bisitak egin ziren fruta-dendetara, pintxoak zituzten tabernetara eta jatetxeetara zatiki organikoaren bilketa hobetzeko, eta baita saltokietara ere, merkataritza-kartoiaren bilketa hobetzeko.

Ecovidriorekin lankidetzan, kanpaina bat egin zen Eibar, Ermua, Mutriku eta Debako tabernetan beiraren birziklapena errazteko eta haien beharrei erantzuteko. Eta, Ecoembesen eskutik, "Horian zer?" kanpaina jarri zen martxan, herritar guztiak sentsibilizatzeko helburuarekin, edukiontzi horira bota daitezkeen eta bota behar ez diren hondakinei buruz informatzeko.

Mankomunitateak kanpaina handi bat ere egin zuen Gabonetan birziklapena sustatzeko, eta Olentzerok, Errege Magoek eta Santa Klausek herritar guztiei lagundu zieten hondakinak hobeto bereizten eta edukiontzi egokietan uzten.

Mankomunitateak industrialdeetan sortzen diren hondakinak ere kontuan hartzen ditu. Horien jarraipena egin da paperezko, kartoizko eta zurezko edukiontzietan hondakin desegokiak ager ez daitezen, eta eskualdeko enpresa guztiak bisitatu dira, hondakinak bereizteko jardunbide egokiak gogorarazteko.

Herritarren inplikazioari eskerrak

Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak eskerrak eman dizkie herritar guztiei birziklatzeko ohiturak hobetzearen aldeko inplikazioagatik. "Datu positiboak saltokietan eta ostalaritzan egindako kanpainei, herritarrak kontzientziatzeko eguneroko lanari eta, jakina, herritar guztien inplikazioari zor zaizkie", azpimarratu du. "Gaikako bilketaren ehuneko handiago baterantz urratsak egiten jarraituko dugu, guztion artean lor baitezakegu birziklatzeko ohiturak hobetzea eta ingurumena hobeto zaintzea, ez bakarrik gure etxeetan eta saltokietan, baita lanean eta kalean ere".