Ikasgela berria laster zabalik

Ikasgela berria laster zabalik

2018/04/16
Apirilaren 27tik aurrera erabili ahal izango dute soraluzetarrek Udalak prestatu duen ikasgela berria; txartela eskuratzeko eskaerak gaurtik aurrera egin daitezke Herritarren Arretarako Bulegoan.

Soraluzeko Udaleko Hezkuntza Batzordeak IKASGELA zerbitzua jarrri du martxan, hainbat herritarrek azken urteetan egindako eskaerei erantzun bat eman nahian.

Orain artean herriko liburutegia zen ikasteko zegoen toki bakarra, baina liburutegiak ez ditu ikasleek ikasteko orduan dituzten premiak behar den moduan asetzen; batetik, duen ordutegia eta egutegia mugatua direlako, eta, bestetik, ikasteko behar den erabateko ixiltasuna ez duelako bermatzen.

Hori horrela, ikasleek ikasteko erabili ahal izango duten aretoa egokitu du Udalak, Baltegieta kalea, 18-behea (HHI-EPA) helbidean, interesatuekin aurrera eramandako parte-hartze prozesu baten bidez zehaztu direlarik instalazioaren ezaugarriak.

Ikasgelak 24 ikas-toki edo mahai dauzka, ordenagailua konektatzeko entxufearekin eta wifi konexioarekin. Horretaz gainera, kafe-makina eta komuna ere badauzkate erabilgarri erabiltzaileek.

Urtean 365 egunetan dago zabalik, goizeko 8etatik gaueko 10etara.

Zerbitzua unibertsitate mailako ikasketak edota goi mailako heziketa zikloak egiten diharduten 18 urtez gorako herritarrek erabili ahal izango dute, baita oposaketak, graduondoko ikastaroak zein masterrak prestatzen ari direnek ere.

Zerbitzua erabili ahal izateko beharrezkoa izango da aurrez Udaleko Arreta Bulegoan izena ematea, txartel elektroniko pertsonalizatua beharko baita aretora sartu ahal izateko.

Ikasgelari buruzko informazio gehiago eta erabilerarako prestatu diren arauak hemen kontsulta daitezke.