Aldaketak Ludotekan eta Gaztelekuan

Aldaketak Ludotekan eta Gaztelekuan

2016/10/28
Ikasturte hasierarekin batera, Udalak hainbat aldaketa egin ditu ludotekan eta gaztelekuan, iazko udaberrian Urtxintxa enpresak gidatu zuen parte-hartze prozesuaren ondorioak aplikatuz.

Urteak dira Soraluzeko Udalak ludoteka eta gaztelekua martxan dituela. Azkenaldian, baina, haur eta nerabeen aisialdiko ohiturek izan dituzten aldaketak direla tarteko, zerbitzu horietan hainbat aldaketa egiteko beharra ikusi da.

Hasi berria den ikasturteari begira, Patricia Borinagak zuzentzen duen Udaleko Haurren eta Gazteen Sailak, hainbat neurri hartu ditu ludotekaren eta gaztelekuaren “zerbitzuak hobetzeko”. Orain hilabete batzuk, Bilduk proposatu zuen ludotekaren eta gaztelekuaren etorkizuneko jardunaz gogoeta egitea, parte hartze prozesu baten bitartez. Proposamena begionez ikusi zen eta, Urtxintxa aisialdi taldeak gidatuta, hainbat saio egin ziren hezitzaile, guraso, haur eta nerabeekin.

Urtxintxan landutako txostenaren arabera, Ludoteka, instalazio bezala, zaharkitua gelditu da eta ez da erakargarria gertatzen adin batetik gorako haurrentzat; Gaztelekuak, aldiz, ez dauka lokal propiorik eta kiroldegiarekin konpartitu behar du; gaztelekuko hezitzaileen lan-baldintzak oso kaskarrak dira; zerbitzu biak era ezberdinean kudeatzen dira eta horrek koordinazio arazoak sortzen ditu, etab.

Txosten horretan jasotako ondorioak oinarri hartuta, orain arteko eskaintzaren eta erabiltzaileek egiten dituzten eskarien arteko aldea gutxitzeko asmoz, udal gobernu taldeak hainbat aldaketa bideratu ditu ludoteka eta gaztelekuaren jardunean:

 

  • Ordutegi aldaketak. Eguneko azkenengo txanda, 19:00etatik 20:00etara bitartekoa, bertan behera laga dute asistentzia txikia zelako eta aurreko bi txandetan gaztetxoak nahastu egin dituzte (4-5 urte, LH 1-2, LH 3-4). Barixakuetan, berriz, 17:00etatik 19:00etara bitartean, gaztetxoek nahi dutenean sartu eta ateratzeko aukera dute orain. Gainera, orain arte ez bezala, barixakuetan, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Gaztelekua zabalik izango da LH5-6 mailako gaztetxoendako. Eta hain zuzen ere, maila horietan, 3-4 eta 5-6, gertatu da igoerarik nabarmenena aurtengo matrikulazioan, izan ere, 45 eta 49 gaztetxo matrikulatu dira, urrenez urren.

  • Egutegi aldaketak. AsteSantuan eta Gabonetan, haur eta nerabeek denbora libre ugari dutela kontuan hartuta, eta zerbitzuen izaera jarraia eta iraunkorra izan dezaten,ludoteka eta gaztelekua zabalik izango dira. Gaztelekua, gainera, lehen ez bezala, asteburu guztietan zabalduko da.

  • Azpiegituretan hobekuntzak. Ludotekaren lokala handituko da, alboko gela ere horretarako egokituz (Udalak Krabelin pintura eskolari beste gela bat eskainiko dio Frontoiko eraikinean).Horrek haurrek espacio gehiago izateko aukera emango du eta ludoteka 3. eta 4. Mailako haurrentzako erakargarriagoa egiteko (sukaldea, futbolina…) Gaztelekua, aldiz, tokiz aldatuko da, kiroldegiaren gaineko lokalera, espacio gehiago, sukalde eta abarrekin.

Kudeaketa bateratua eta esleitua. Udalak ludoteka eta gaztelekuaren kudeaketa esleitu eta kudeatzaile bakarraren esku lagako du, bi zerbitzuak era koordinatuan kudeatu ditzan. Borinagaren esanetan “udalak ez du ahalmenik gaur egun 6 langile dituzten zerbitzuak kontratazio zuzenaren bidez eskaini ahal izateko, eta horregatik erabaki dugu zerbitzuon kudeaketa azpikontratatzea. Lan-baldintzak Aldundiak zehazten dituenak izango dira, arloko lan-hitzarmenaren araberakoak eta gaztelekuaren kasuan orain artean hezitzaileek zeuzkaten baino hobeak. Horrek ziurtatzen du ludotekarekin batera gaztelekuan ere kalitatezko Zerbitzua eskaini ahal izango dela”. Deialdia urte amaiera baino lehen aterako da eta herriko aisialdi taldeak bezala, kanpoko taldeek ere aurkeztu ahalizango dute.

Urtxintxak txostenean jasotako hobekuntza proposamenak balioko dute zerbitzuek hobeto erantzun diezaieten gaur eguneko erabiltzaileen eskariei. Udalari gastua dezente handitzea suposatuko dion arren, lehentasuntzat dauka umeen eta gaztetxoen aisialdirako eskaintza eta inbertsio moduan kontsideratu du.