Euskara biziberritzeko plana osatzeko saio parte-hartzaileak egingo dira datozen asteetan
Abenduan jarri zuen martxan Soraluzeko Udalak AROA plana diseinatzeko prozesua. Udalerriko testuinguru eleaniztunean, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea da plan horren xedea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko. Prozesuan herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, eta horregatik, hainbat ekimen jarri ditu abian.
Herritarren iritzia
Euskara biziberritzeko plana osatzeko prozesua herritarren parte-hartzearekin garatuko da eta bide horretan lehenbiziko pausoa eman da abendutik hona; izan ere, 217 herritarrek bete du iritziak batzeko galdetegia, perfil anitzeko pertsonak, hainbat adin-tarte, jatorri eta generoko jendea.
Hamasei urtetik gorako herritarrek erantzun ahal izan diote galdetegiari, eta online zein aurrez aurre egiteko aukera egon da, Udaletxeko Harrera Bulegoan eta Itxaropen jubilatuen etxean.
Datozen asteotan hainbat herritar eta eragilerekin elkarrizketak egingo dituzte prozesuaren dinamizazioaz arduratzen diharduten Elhuyarreko kideek. Asmoa da hainbat bizipen eta iritzitan gehiago sakontzea.
Diagnostikoa kontrastatu eta plana garatzeko saioak
Galdetegiez gain, herritarren parte-hartzearen bidez egin nahi dute antolatzaileek, halaber, egindako diagnostikoa kontrastea eta planaren diseinua. Horretarako, hainbat saio programatu dira datozen asteetarako; lehena, datorren astean:
- Urtarrilak 22, eguaztena: 17:30 - 19:30
- Otsailak 26, eguaztena: 17:30 - 19:30
- Martxoak 26, eguaztena: 17:30 - 19:30
Udaletxeko Pleno Aretoan egingo dira saio parte-hartzaileak eta Elhuyar arduratuko da dinamizatzeaz. Herritar guztiek parte hartzeko moduko saioak izango dira, eta antolatzaileek soraluzetar oro animatzen dute saioetan parte hartzera.
Izen-ematea
Antolaketa errazteko eta saioen funtzionamendu egokirako, izen-ematea jarri da martxan. Horretarako, ondorengo galdetegia bete behar da: izen-ematea.