
Aurtengo jaiak antolatzeko herritarrentzako galdetegi irekia eta prozesua martxan.
Batzarrak jaiak modu partehartzailean antolatzea du xede, eta horretarako, iazko jaien balorazioa eta bertan aurreikusitako erronkak hartuko dira abiapuntu gisa. Horrez gain, herritarrek ere parte hartu dezakete jaien programa osatzeko prozesuan, proposamenak martxoak 19ra arte irekita egongo den galdetegi bidez helaraziz.
2024ko jaien balorazioa abiapuntu
Iazko jaien balorazioa helduekin zein haur eta nerabeekin osatu zen. Urrian, herritarren iritziak jaso ostean, eragileekin egindako batzarrean jaien landu zen gaia; otsailean, berriz, haur eta nerabeen kontseiluen bitartez soraluzetar gazteenen iritziak batu zituen udalak. Hauexek dira bildutako ondorio orokorrak:
- Orokorrean jaien inguruko balorazio positiboa jaso zen, batean zein bestean. Giro ona nagusi izan zen jaietan.
- Jai herrikoi eta orekatuak izan ziren; herri ekimenez sortutako ekintzen eta kanpotik ekarritakoen arteko oreka egokia izan zen. Tanborrada herrikoia eta ekintza herritarrak (mus-tute, azeituna...) berreskuratzea positiboki baloratu zen.
- Egitarau osatua izan zela aipatu zen, ekintza ugari antolatu zirela eta une oro bazela zertan parte hartu. Ekimen guztietan jendearen parte hartzea egokia izan zen.
- Adin arteko orekari begira, umeei eta nerabe gazteei begira ekintza ugari egon ziren. Gaztetxoentzako eta hirugarren adinekoentzako ekintza gehiago antolatzea proposatu zen.
- Jaien antolaketa parte-hartzailea izan zen, hasieratik herriari galdetuz, haur eta nerabeak protagonista bilakatuz eta eragileekin batera koordinatuz. Hala ere, kultura aniztasunaren ikuspegitik lantzen jarraitu behar da.
- Kanpotik jendea etortzeko autobus zerbitzua jartzea ondo baloratu da. Hainbat ekintzak gainera, kanpotik jendea ekarri zuten: kontzertuek, erraldoiek etab.
- Genero-ikuspegia aintzat hartu zen ekintzen antolaketan eta honek sortzen duen giroan; hala ere, kontzertuen kontratazioetan saiakera egiten jarraitu behar da.
- Lanketa komunikatiboa ere egokia izan zen: helduen kartel lehiaketa errekuperatzea begi onez ikusi zen eta egunez eguneko egitarauaren berri ematen zuten bideoak oso ongi baloratu ziren.
Horrez gain, dokumentu honetan jaso dira, eragile nahiz haur-nerabeekin jasotako zehaztapenak.
Aurtengorako erronkak
2025ko jaiak antolatzerako orduan hainbat erronkari eutsi nahi lioke Udaleko Jai Batzordeak. Horrela, aurreko urteko jaietan balorazio positiboa izan zuen jai herrikoien eta kanpotik ekarritakoen orekarekin jarraitzen saiatuko da eta adin-tarte desberdinetarako eskaintza bermatzen.
Horretaz gain, zeharkako beste bi alderdi ere kontuan izan nahi lituzke kanpotik ekartzen diren proposamenetan zein horiek sortzen duten giroan: genero ikuspegia eta kultura aniztasuna.
Eta batez ere, jai herrikoiak eta herri eragileekin antolatuak izateko apostuari eutsi nahi dio; hori horrela herri eragileekin bilera antolatu da datorren asteko eguenean, martxoak 20, arratsaldeko 18:30ean Kalebarren 8n.
Herritarrentzako galdetegi irekia
Amaitzeko, herritarren parte hartzea bermatzeko, bakoitzak bere proposamenak helarazteko aukera izango du ondorengo formularioa beteta, martxoak 19ra arte: sakatu hemen!