Guztia prest dago domekan egingo den XXX. Kaleko Margo Lehiaketarako

Guztia prest dago domekan egingo den XXX. Kaleko Margo Lehiaketarako

2024/05/21
Udaleko Kultura Batzordeak antolatuta, Kaleko Margo Lehiaketaren 30. edizioa egingo da domekan; haur eta gaztetxoentzako lehiaketa goizeko 11etan hasiko da.

Udaleko Kultura Batzordeak XXX. Kaleko Margo Lehiaketa antolatu du domekarako, maiatzak 26, goizeko 9:00etatik aurrera.

Aurtengoan ere, helduen lehiaketaz gain, haurrei zuzendutako lehiaketa egingo da, goizeko 11:00etatik 13:00etara, Plaza Zaharrean.

Helduen lehiaketaren oinarriak

Kaleko Margo Lehiaketaren XXX. edizioan parte hartu ahal izateko izen-ematea Udaletxean egingo da domekan, goizeko 9:00etatik 10:00etara. Izen-ematearekin batera, margolariek erabiliko dituzten margo-oihalak seiluz joko dira.

Izen-ematea irekia izango da, interesa duen pertsona orok parte hartu ahal izango du. Partehartzaileek, beren lanak egiteko beharrezkoak dituzten material eta tresna
guztiak ekarriko dituzte.

Lehiaketaren gaia: Soraluze.

Lanak arratsaldeko 14:00ak eta 14:30ak bitartean entregatu ahal izango dira Arane Udal Kiroldegiko erakusketa aretoan.

Gai den epaimahai batek aukeratuko ditu lanik onenak. Erabakia domekan bertan, arratsaldeko 17:30ean jakinaraziko da eta,  jarraian egingo da sari-banaketa Kulturguneko erakusketa-aretoan. Epaimahaiaren erabakiak aldaezinak izango dira.

Hauexek izango dira banatuko diren sariak:

  • Lehen saria ................................     600 euro.
  • Bigarren saria ............................     400 euro.
  • Hirugarren saria..........................     300 euro.

Saritutako lanak Udalaren esku geratuko dira, eta egokia deritzon erabilera emango die.

Epaimahaikideen iritziz lanek ez balute kalitate maila egokirik, ez da sariturik izango.

Haurren lehiaketa

Haurren mailako lehiaketan 16 urtera arteko haur eta gaztetxoek har dezakete parte.

Lehiaketa goizeko 11:00tatik 13:00ra egingo da, Plaza Zaharrean.

Lehiakideek bertan jaso ahal izango dituzte margotzeko behar dituzten tresnak (orria, arkatza, borragoma, txorroskiloa eta margoak).

Lehiakide guztiek oparia jasoko dute.

Maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuentzako dago saria.

Sarituen izenak arratsaldeko 13:30ean esango ditu epaimahaiak eta sariak arratsaldeko 17:30ean emango dira, Kulturguneko erakusketa-gelan.

Lehiakideak 5 mailatan banatuko dira:

  • Haur Hezkuntza
  • Lehen Hezkuntza 1. eta 2 mailak.
  • Lehen Hezkuntza 3. eta 4. mailak.
  • Lehen Hezkuntza 5. eta 6. mailak.
  • Bigarren Hezkuntza

Saritutako lanen erakusketa

Helduen lehiaketan parte hartu duten lanekin eta haurren lehiaketan saritutakoekin erakusketa egingo da maiatzaren 27tik ekainaren 1era, Kulturguneko erakusketa-gelan.