Jesus Tapia arkeologoaren hitzaldia Udaletxean datorren asteazkenean
Datorren azaroaren 2an, asteazkena, Dolmenen Ibilbideari buruzko hitzaldia emango du Jesus Tapiak, Aranzadi Zientzia elkarteko arkeologoa. Berak zuzendu ditu 2016tik Ibilbidean egindako indusketak, baita aurten Aranzadik aurkeztu duen liburua ere. Hitzaldian 2019tik egindako lanen berri emango du, eta egindako indusketa eta zaharberritze lanen inguruan arituko da. Horrez gain, ekainean Aranzadik aurkeztutako liburuari buruz ere arituko da, bera baita idazlea.
Hitzaldia Soraluzeko Udaletxeko Pleno Aretoan izango da, arratsaldeko 19:00tan, eta ordubete inguruko iraupena izango du. Sarrera doakoa da.
Balio kultural eta arkeologiko handia duen ibilbidea
Dolmenen Ibilbideak balio kultural eta arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
2012. urteaz geroztik, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalak Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua ari dira sustatzen, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean.
Azken hilabeteetan egindako lanen artean nabarmentzekoak dira Aizpuruko Zabala eta Frantsesbasoan egindako itxitura eta interpretazio lanak, eta Maurketa eta Kurutzebakarreko dolmenen indusketak.